Bi urtean behin bezala, 2014az geroztik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Bizitegi-Bazterketari buruzko Jardunaldiak antolatzen ditu, eta aurten seigarren edizioa beteko dute. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-bazterkeriaren eta bizitegi-bazterkeriaren arloan lan egiten duten pertsona guztien hitzordu nagusietako bat da, etxegabetasuna prebenitzera eta abiaraztera bideratutako politikei buruz elkarrekin hausnartzeko.
Aurten, jardunaldiak urriaren 11n izango dira, Gasteizko Europa Jauregian, eta oinarrizko bi gune interesgarri jorratuko dira.
Alde batetik, 2022ko urrian EAEko 23 udalerritan egindako Bizitegi-Bazterketako Egoeran dauden Pertsonen VI. Kontaketaren behin betiko emaitzak aurkeztuko dira. Zenbaketan identifikatutako pertsonetatik, heren bat inguru, ‘etxerik gabeko’ pertsonak dira, hau da, kontaketa gauean kanpoan edo larrialdiko aterpetxe edo harrera zentro batean lo egin zutenak. Zenbaketaren datu nagusiak emateaz gain, emaitzak eta ondorioak mahai-inguru batean eztabaidatuko dituzte aditu-talde batek. Pertsona horiek egoera aztertuko dute hainbat ikuspuntutatik (genero-desberdintasunak, migrazio-fenomenoaren eta etxerik gabeko fenomenoaren arteko erlazioa, profilen eta beharren aldaketa, etab.).
Bigarrenik, Jardunaldiak arreta jarriko du Bizitegi-Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategian, gaur egun prestatzen ari dena, eta haren ildo nagusiak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztuko ditu jardunaldian bertan.
Estrategia aurkeztu aurretik, mahai-ingurua egingo da. Bertan, Europako Batzordeak eta, EAEren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bizitegi-bazterkeriaren arloan garatutako politikak planifikatzeko eta antolatzeko tresnak azalduko dira.
Atsedenaldiaren ondoren, arratsaldean, Bizitegi Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategiarak ezartzen dituen jarraibideei lotutako proiektu traktoreak aurkeztuko dira.
Jardunaldia presentziala izanen da, baina goizeko saioetan telematikoki ere parte har daiteke.